arrow_back
 

Zein urrats jarraitzen ditu CISek inkesta bat burutzeko?

1) Inkestaren diseinua: helburuak, unibertsoa, eredua eta galdeketa

2) Datuen bilketa edo landa lana

3) Datu-prozesaketa

4) Emaitzen argitalpena: Nola ezagutarazten dira CISek egindako inkesten emaitzak?

 

1) Inkestaren diseinua: helburuak, unibertsoa, eredua eta galdeketa

Inkestaren helburuak: zeintzuk dira CISek ikertzen dituen gaiak?

Inkesta bat egiten hasteko helburuak zehaztu behar dira: zeintzuk diren ezagutu nahi diren gaiak eta herritarren iritzia.

CISek Espainiako gizartearen jarrera eta jokabideak sakonkiago ezagutzea du xede, baita bere egonkortasuna edota denboran zehar izan duen aldaketa neurtzea ere. Zenbait gairi buruzko 2000 inkesta inguru egin ditu bere ibilbidean zehar.

Unibertsoaren (biztanleen interes-taldearen) definizioa eta laginaren elaborazioa: nori galdetzen zaio?

Inkestaren unibertsoa informazioa eman dezaketen biztanleek osatzen dute. CISen inkestek 18 urtetik gorakoak diren eta espainiar nazionalitatea duten biztanleak izan ohi dituzte unibertso (edo azterketa-xede den biztanleria) gisa, baina, zenbaitetan, Espainian bizi diren biztanle guztiak hartzen dituzte kontuan (eta, beraz, atzerritarrak hartzen ditu barne). Biztanle gazteek osatutako unibertsoari (15 eta 29 urte bitartean zehazten den adin-tartekoei normalean) edo populazioaren beste azpitalde batzuei ere egiten zaizkie inkestak.

Biztanle guztiak elkarrizketatu ezin direnez, beharrezkoa da inkestatuko diren pertsonen lagin bat aukeratzea. Langinik adierazgarrienak lortzeko beharrezkoak diren prozedura zientifikoei jarraitzen die CISek. Prozedura horiekiko errespetua erabakigarria da inkestan lortutako datuak erabiltzeko, inkestatutako biztanleria deskribatze eta aztertze aldera, errore-marjina dagoela kontuan hartuz betiere (bere magnitudea inkesta bakoitzaren fitxa teknikoan agertuko da).

Laginaren tamaina eta ezaugarriak inkesta baten helburuen arabera alda daitezkeen arren, CISen inkestek gutxienez 2500 gizabanakoren lagina izan ohi dute.

Galdeketa prestatzea: nola galdetzen da?

Galdeketak galdera-sortak dira, eta herritarrek hainbat gairi buruz duten iritzia biltzeko baliagarriak dira. CISen kasuan, izaera sozial eta politikoa duten gaiak galdetzen dira batez ere. Horrez gain, elkarrizketatutakoen ezaugarriei buruz galdetzen da (sexua, adina, ikasketa-maila, lanbidea); izan ere, taldeen artean iritzi-ezberdintasunik dagoen aztertzea da helburuetako bat. Inkestan parte hartu duen pertsona identifikatzeko lagungarria izan daitekeen informaziorik ez da biltzen inkesten datu-fitxategian.

CISeko teknikariak prestatzen ditu galdeketak, CISen eta beste erakundeetan eta inkestak egiten aritzen diren nazioarteko erakundeetan diseinatutako inkestak biltzen dituen dokumentazio-lan arretatsu baten bidez.

Galderak diseinatzeko orduan, arreta berezia jartzen da elkarrizketatuko diren pertsonek ulertzeko modukoak izan daitezen, prestakuntza-maila edo bestelako ezaugarriren bat edozein dela ere. Orekatuak eta inolako zehartasunik gabeko idazkeradunak izateko ardura ere hartzen da.

CISek egindako galderarik gehienetan, erantzunaren aukerak galdeketan agertzen dira eta zenbaki-kode bat eraman ohi du bakoitzak, datu-fitxategian azaltzen dena.

Aurrez finkatutako erantzun aukerarik ez duten galderak ere egiten dira, CISen hileroko barometro guztietan biltzen den galdera, esaterako, non inkesta egiten zaien pertsonei Espainiako hiru arazo nagusi beren hitzekin azaltzeko eskatzen zaien . Ondoren, erantzun horiek guztiak sailkatzen dira CISen (“kodetze prozesua” deritzo). Horrela, langabeziarekin, etxebizitzarekin eta immigrazioarekin lotura duten guztiak taldekatu daitezke, gai bakoitzari buruzko aipamen-kopurua zenbatzeko.

 

2) Datuen bilketa edo landa lana

"Landa lanaz" ere ezagutzen den datuen bilketa, lagina osatzen duten pertsonei galdeketako galderak egitean oinarritzen da.

CISeko inkestak egiten dituzten inkestatzaileak laginean bildutako zentsu-sekzioetan barrena ibiltzen dira, ausazko ibilbide batzuei jarraituz, eta herritarrekin beren etxeetan jartzen dira harremanetan inkestaren aztergaiari buruzko iritziak biltzeko.

Elkarrizketa egitea onartzen duten pertsonen lankidetza funtsezkoa da inkestaren emaitzek herritar guztien iritziak jaso ditzaten.

CISen inkestan parte hartzeko aukeratu diren pertsonen lankidetza borondatezkoa bada ere, funtsezkoa da emaitzek gizarte osoaren iritziak erakuts ditzaten.

Inkesta ez da azterketa bat, eta ez dago erantzun zuzen edo okerrik: egiazko iritziak nahi ditugu erantzuterakoan. Elkarrizketan zehar, elkarrizketa egiten ari den pertsonak galderaren bati ez erantzuteko erabakia har dezake.

Erantzun guztiak anonimoak dira, eta sekretu estatistikoaren eta datuak babestearen gaineko legeek babesten dituzte. Modu agregatuan erabiliko dira erantzunak, inolako gizabanako-erreferentziarik gabe. Inolako datu pertsonalik edo erantzun duena identifikatzen duen daturik ez da gordetzen, eta dakarten informazioa grabatu bezain laster hausten dira galdeketak.

CISek elkarrizketen burutzapen-prozesua gainbegiratzeko edo ikuskatzeko lanak egiten ditu, biltzen diren datuen kalitatea bermatzeko. Hori dela eta, elkarrizketatutako pertsonen telefono-zenbakia eskatzen du, baina datu hori pertsona bera benetan elkarrizketatu den egiaztatzeko asmoz CISek egiten dituen ikuskapenetarako baino ez da erabiltzen.

 

3) Datu-prozesaketa

Datu-bilketaren prozesuarekin amaitu bezain pronto, galdeketen erantzunetatik jasotako informazio guztia prozesatzen da.

Emaitzak ezagutzeko eta inkestaren gaiari buruzko herritarren iritzia aztertzeko, eskuratutako informazioa grabatu behar da. Datuen matrize edo fitxategian islatzen dira elkarrizketatutako pertsonek inkesta baten galdeketako galdera bakoitzeko ematen dituzten erantzunak.

Fitxategietako ilara bakoitza galdeketa bati dagokio (inkestatutako pertsona bati) eta zutabeetan burututako galdera bakoitza ipintzen da. Bien elkargunean agertzen da inkestatutako pertsonak emandako galdeketaren erantzun bakoitza. Datuen azken fitxategiak inoiz ez du inkestatutako pertsonak identifikatzeko baliagarria izan daitekeen informaziorik izango.

Datuen fitxategiaren egitura

Galdeketa zk. Probintzia Udalerria Sexua Adina Seme-alaba kopurua Egoera ekonomikoaren balorazioa Irakaskuntza publikoaren balorazioa (0-10) Irakasleen lanaren balorazioa Hezkuntzaren Lege Organikoaren edukiekiko adostasun-maila
 0001 Murtzia Ojós Gizonezkoa 18 0 Erdizkakoa 3 Erdizkakoa Guztiz ados
 0002 Bartzelona Masnou Emakumezkoa 78 2 Txarra 6 Txarra Nahiko ados
 0003 Badajoz Mérida Emakumezkoa 45 2 Txarra 7 Ona Ez daki
 ...                  
 ...                  
 2499                  
 2500 Zaragoza Calatayud Gizonezkoa 32 1 Ona 5 Ona  

Datuen fitxategian grabatutako informazioaren bidez, inkesten emaitzak ateratzen dira.

 

4) Emaitzen argitalpena: Nola ezagutarazten dira CISek egindako inkesten emaitzak?

CISek bere inkesten emaitzak aurkezten ditu, prozesatutako datuak dituen agirien edo datuak grabatzen diren matrize zein fitxategien bidez.

a) Prozesatutako (edo taula gisa jarritako) datuak dituzten agiriak:

  1. “Emaitzen” agiria, galdera bakoitzaren maiztasun-erlazioarekin, hau da, erantzun bat eman den aukera kopuruarekin, eta galdera hori egin zaien pertsona guztiekiko portzentajearekin.
  2. Galdeketako galdera guztien "gurutzeen" agiria, aldagai soziodemografikoaren (sexu, adin talde, habitat-tamaina, ikasketa-mailaren), politiko (ideologia eta boto-oroimenaren) eta sozioekonomikoen (egoera eta estatus sozioekonomikoaren) araberakoa. Agiri horien bidez, inkestaren gaiari dagokionez gizonezkoek emakumezkoen antzeko iritziak dituzten edo gazteen eta helduagoen artean iritzi ezberdintasunik dagoen jakin daiteke.

Agiri horiek, hasiera batean, CISen webgunean aurkezten dira behin-behineko bertsioan, “emaitzen aurrerapenak” deituriko agirietan.

Ondoren, datu guztien azterketa sakona egiten da; fitxategia CISeko Datu-bankuan sartu aurretik, egon daitezkeen erroreak antzemateko. Datu guztiak berrikusi ondoren, eta egiaztatze, garbitze eta anonimizazio prozesua burutzean, CISen Datu-bankura pasatzen da ikerketa eta datuen fitxategia jendearen eskura jartzen da. CISen funtzionamendua arautzen duen legeak epe zehatz batzuk ezartzen ditu urrats horietarako, inkesta motaren arabera.

b) Datuen matrizeak edo fitxategiak, non, egiaztatze, garbitze eta anonimizazio prozesua burutzean, elkarrizketatutako pertsonen erantzun guztiak biltzen diren

Inkesta baten emaitzak sakontasunez aztertu nahi dituzten pertsonek datuen fitxategia erabili ohi dute; izan ere, aukera ematen die hainbat informazio truke (galderak) burutzeko, edo, adibidez, boto-asmoari buruzko informazioa duten inkesten kasuan, hauteskunde-emaitzen zenbait balioztapen mota burutzeko.

c) Dokumentazio teknikoa:

  1. Inkesta bakoitzaren ezaugarri nagusiak dakartzan fitxa teknikoa: (azterketa-xede den biztanleria, landa-lana egin den data, diseinatutako laginaren eta burututako laginaren tamaina, laginaren diseinuaren ezaugarriak eta, hala behar izanez gero, datuen tratamendurako haztapen-koefizienteen erabilerari buruzko informazioa).
  2. Datuen matrize edo fitxategiekin batera, aplikatutako galdeketa literala eta kode-liburua emango dira.
  3. Zenbait kasutan, egindako inkestek konplexutasun bereziren bat dutenean, inkestaren ezaugarri tekniko espezifikoak azaltzen dituen txosten metodologiko bat ere ematen da.