Carlos Moya Valgañónen biografia

[Biografi aipamenera joan]

Carlos Moya Valgañón
  • Carlos Moya Valgañón Kordoban jaio zen 1936ko ekainaren 10ean. Irakasle errepublikar errepresaliatuen semea zen eta haurtzaroan udalerri desberdinetan bizi izan zen bere familiarekin batera (Errioxako Sajazarran, Albaceten, Valentzian). Valentziako Unibertsitatean Zuzenbidean lizentziatu zen 1957an, eta doktore-aurreko beka bat jaso zuen Oriol y Urquijo fundazioaren eskutik Koloniako Unibertsitatean (Alemanian) bere ikasketekin jarraitzeko. Hiru urte egin zituen Kolonian, 1958tik 1961era, Soziologia Sailean. Garai hartan Rene König zen sail horretako zuzendaria, gerra ondoko soziologia alemaniar eta europarreko pertsona ospetsu garrantzitsuenetako bat. Han soziologiarantz birbideratu zuen behin betiko bere bokazio akademikoa, ordura arte ikerketak, argitalpenak eta irakaskuntza gai horren inguruan egin ondoren.
  • Alemaniatik itzuli zenean, 1963an, Valentziako Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean doktorego tesia defendatu zuen: "Problemas fundamentales de la teoría sociológica: de Marx a Durkheim y al estructural-funcionalismo". Alemanian eginiko ikasketa urteen emaitza gisa, tesiak asmo handiko ibilbidea egiten du soziologian islatzen den modernitatearen auto-kontzientzia berriak elikabide dituen sustrai anitzetan barrena.
  • 1964an Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean hasi zen Zuzenbidearen Filosofia Katedraren irakasle laguntzaile gisa (titularra: Joaquín Ruiz-Giménez). Testuinguru horretan, unibertsitateko beste irakasle gazte eta intelektual batzuekin batera, diktaduraren oposizio zirkuluan sartu zen, Tierno Galván irakasle buru zutela. Hala, CEISAko (Centro de Estudios e Investigaciones S.A.) sortzaile eta irakasle izan zen. José Vidal Beneytoren ahaleginei esker diseinatu, antolatu eta kudeatutako Gizarte Zientzien Eskola Kritiko honek bultzada erabakigarria eman zion Espainiako soziologia garaikideari, eta 1968an itxi egin zuten agintari frankistek.
  • 1967an Unibertsitate Konplutentseko Zientzia Politiko eta Ekonomikoen Fakultatean Gizarte Zientziaren Filosofia irakatsi zuen. Lau urte geroago Soziologia Katedra irabazi zuen Bilboko Unibertsitatean, eta Sarrikoko Fakultatera joan zen 1971ko irailean. 1974an berriz ere Madrilera joan zen Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaleko (UHUN) Hezkuntza Zientzien Institutua zuzentzeko eta Gizarte Zientzien Saila martxan jartzeko. Urte horietakoak dira bere liburu hauek: Sociólogos y sociología (1970) eta Teoría sociológica: una introducción crítica (1971); lehenengoan azterlan batzuk biltzen ditu, tradizio soziologikoaren mugarri batzuk modu berritzailean berraztertu eta argitzeko; bigarrenean funtzionalismoaren nagusitasun garaiaren amaierako teoria soziologiko garaikidearen azterketan, sistematizazioan eta interpretazioan murgiltzen da. 70eko hamarkada hasieran ere idatzi zuen Burocracia y sociedad industrial (1972) monografia. Espainia aztertzean datza, soziologia alemaniarretik eta bereziki Max Weberrengandik (haren burokraziaren soziologiari eskaintzen dio kapitulu garrantzitsu bat) datorren Estatuko azterketa soziologikoaren tradizioaren arabera. Burokrazia publikoari buruz egin zuen azterlanari lotuta, baina gerra zibilean hasten den Espainiako aldaketa sozioekonomikoko prozesuaren soziologia historikoaren esparruan, 1975ean El poder económico en España: 1939-1972 agertzen da. Liburu hau La España de los años 70 lan kolektiboaren barruan "La Sociedad" bolumenean argitaratutako "las élites económicas y el desarrollo español" gaitzat duen lanari lotuta dago.
  • 1977ko irailean Gizarte Aldaketaren katedra eskuratu zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Zientzia Politiko eta Soziologia Fakultatean. Bertako dekano izan zen 1980tik 1982ra bitartean, eta gainerako urteetan Soziologiako I. Saila ere zuzendu zuen. Aldi horretan argitaratu zuen De la ciudad y de su razón. Del logos político a la razón sociológica (1977). Zabaltasun handikoa eta akademikoki sailkatzen zaila da mendebaldeko arrazionaltasunaren genealogia historikoari eta arrazoi soziologikoan bihurtzeari buruzko azterlan hau. Nabarmentzekoa da garai hartako Teoría Sociológica Contemporánea (1978) liburua ere, José Jiménez Blancorekin batera zuzendutakoa. 70eko hamarkada amaierako soziologiako gai nagusiak lantzen eta eztabaidatzen dituzten hainbat soziologo espainiarren kolaborazioak biltzen ditu. Aldia 1984an argitaratutako liburu honekin amaitzen da: Señas de Leviatán: Estado nacional y sociedad industrial en España, 1936-1980. Liburuak aurreko urteetan argitaratutako hainbat azterlan biltzen ditu, eta orientazio enpiriko-historikoko lanak beste lan teoriko-hermeneutiko batzuekin konbinatzen ditu. Urte horretan bertan argitaratu zuen "Identidad colectiva: un programa de investigación científica" artikulua ere, REISen. Lan honetan proposamen analitikio-hermeneutiko bat egiten da, soziologia nagusiaren muga estuak zabaldu eta gainditzeko.
  • 1989an Unibertsitate Konplutentsea utzi eta UHUNeko I. Soziologia Sailean sartu zen. Zenbait urtez hura zuzendu zuen, eta, gaur egun, bertako katedradun emeritua da. 1994-1995 ikasturtean, urte sabatikoa hartuta, Kaliforniako Unibertsitatera (San Diego) joan zen; han asmo handiko ikerketa hasi zuen erlijio monoteisten eta haien aldaera politiko aurre-moderno eta modernoen inguruan, eta horretan dihardu gaur egun ere. Ikerketa ildo horren ildotik sortu berri da Mahoma, Dar-el-Islam y Maimónides: dos ensayos sobre el monoteísmo semita (2008) liburua.
arrow_back