Premio Nacional de Sociología y Ciencia Política 2016

Emilio Lamo de Espinosajaunaren biografi aipamena
Cristóbal Torres Albero egindakoa

Emilio Lamo de Espinosa

 

Universidad Complutense de Madrid unibertsitateko Emilio Lamo de Espinosa irakaslea Zuzenbidean doktorea da, eta Ohorezko Saria jaso zuen 1973an Complutense unibertsitatean. Horrez gain, Soziologian doktorea da Kaliforniako Unibertsitatean, Santa Bárbaran (bertan, ikasketak osatzeaz gain, Visiting Professor izan zen). 1982an Soziologiako katedra lortu zuen Complutense unibertsitatean bertan, eta joan den ikasturte amaieran erretiroa hartu zuen. Gaur egun, Real Academia de Ciencias Morales y Políticas akademiako kide eta irakasle emeritua da oraindik. Tartean, 2012an, Honoris Causa Doktore izendatu zuten Universidad de Salamanca unibertsitatean.

Berrogeita hiru urteko ibilbide horretan, Lamo de Espinosa irakasleak hogeita bi liburu eta ehun monografia zientifiko baino gehiago argitaratu ditu artikulu, liburuko kapitulu eta erreseinen bitartez. Bere lehen argitalpenek, frankismoaren garaikoak, gure historia intelektuala berreskuratzearekin zuten zerikusia, Julián Besteiro, bere lana eta sozialismo demokratikoa oinarri. Baita marxismoaren kritika konstruktiboarekin ere. Gai horri helduz, pragmatismo amerikarraren argudioak txertatu zituen La teoría de la reificación. De Marx a la Escuela de Frankfurt liburuan, George Herbert Meaden Elkarrekintza Sinbolikoan garatuak. Ordura arte, pentsamendu eskola eta egile horiek ia-ia ezezagunak ziren gure artean. Bestalde, zuzenbidearen soziologiaz eta desbideratze sozialaz mintzatu zen Delitos sin víctimas. Orden social y ambivalencia moral lanean, zeinetan moralaren aurkako delituen gaineko debatea piztu zuen ikuspuntu guztiz liberal batetik.

Baina zalantzarik gabe ezagutzaren eta zientziaren soziologiaren arloan idatzitako lanen zorroztasunak eta zolitasun analitikoak izan dute arrakastarik handiena, eta ekarpen nabaria egin dute kontzientzia soziologikoan. Hala gertatu zen, lehenbizi, gizartearen hausnarketa egiteko gaitasuna identifikatu eta goratu zuenean La sociedad reflexiva liburuan, izan ere, Anthony Giddens eta Ulrich Beck irakasle atzerritar ospetsuek baino lehen egin zuen; bigarrenik, ezagutzaren gizartearen ideia garatu zuenean Sociedades de cultura y sociedades de ciencia monografian, Entseguen Jovellanos Nazioarteko Saria irabazten lagundu ziona; eta bukatzeko, diziplina horren mapa historiko eta kontzeptuala marraztu zuenean Sociología del conocimiento y de la ciencia liburukian, José María González García irakaslearekin eta Cristóbal Torres Alberorekin batera idatzitakoa. Bikaintasun maila hori teoria soziologiko orokorrera zabaldu eta beste lorpen esanguratsu batzuk izan zituen, adibidez, Diccionario de Sociología hiztegiaren bi edizioak, Salvador Giner eta Cristóbal Torres irakasleekin batera prestatutakoak, eta Federación Española de Sociología federazioaren teoria soziologikoko taldearen buru izan izana. Gure herrialdean soziologiako elkarte zientifikoa formalizatzen duen federazio horretako presidentea izan zen 2007tik 2010era.

Bestalde, Espainiako eta Europako arazoen inguruan eta gizarte transnazionalari eta haren gobernantzari buruz egindako ikerketak ere aipatzekoak dira. Lan hori zenbait liburutan irakur daiteke (bera da egilea eta editorea), adibidez, Entre dos siglos. Reflexiones sobre la democracia española, Bajo puertas de fuego. El nuevo desorden internacional eta, azken hau berriena, Europa después de Europa. Ez da harritzekoa bere lan intelektualaren azken joera hori. Izan ere, jarduera akademiko eta zientifiko bikaina burutzeaz gain, Emilio Lamo de Espinosa irakaslea beti egon da lotuta politikara eta kudeaketara kargu, erakunde eta enpresa desberdinetan. Eta arduraldi horretan, 1983ko Unibertsitatearen Erreformarako Legea prestatzeko eta garatzeko lanetan egindako ekarpena da nabarmentzekoa, Espainiako unibertsitateak modernizatzea ahalbidetu zuena; baita Unibertsitateen Kontseilua, EXPO 92 erakusketan Espainiak zuen pabiloia, Instituto Universitario de Investigación Ortega y Gasset Unibertsitate Institutua eta, duela denbora gutxiago, Real Instituto Elcano de Estudios Internacionales y Estratégicos institutua martxan jartzeko eta kudeatzeko prozesuetan liderra izan izana. Zalantzarik gabe, Espainiako think tank emankorrena eta entzutetsuena da azken hori.

Eta orain arte aipatutako guztiari debate publikoan egindako ekarpena gehitu behar zaio, Espainiako egunkari nagusietan 300 zutabe baino gehiago idatzi ditu eta. Horrez gain, ez da harritzekoa ezta ere Lamo de Espinosa irakasleak iritzi idatzian izandako jardunbide bizia. Hain zuzen ere, soziologia zientzialarien bizitokia den marfilezko dorre batera zuzendutako azalpen on bat baino ez dela argudiatu ordez, ikerketen ondorioak kulturadun publikoari helarazteko bide bat bezala ulertzen du, pertsona horiek asko dira eta. Bere ikuspuntuari helduz, zera esan liteke: soziologook ez dugu soilik beste soziologoentzako idatzi behar; gero eta kultura zabalagoa duten eta ugariagoak diren pertsonentzako ere idatzi behar dugu. Izan ere, jantziak dira dagoeneko, gure aurkikuntzen eta ideien jakitun dira eta. Hausnarketa bikaina eginda, Emilio Lamo de Espinosa irakasleak esango luke soziologook errealitate soziala deskribatzen dugula, baina batez ere tresna bat garela, errealitate horrek autoezagutzarako erabiltzen duena, hain zuzen ere.

Lerro hauek aukera pozgarria ematen dute Lamo de Espinosa irakaslearen lana eta ibilbide akademiko eta profesionala laburtzeko. Argi dago ez dela beharrezkoa Mateo efektua gertatzea bere izena eta lana Espainiako zientzia sozialen komunitateko zientzialarien ibilbidean milarri bilakatzeko. Guk bide hori ibiltzen dugu egunero errealitate sozialaren ezagutza zabaltzen laguntzen saiatzeko. Horregatik guztiagatik, lankide, ikasle eta lagun guztion izenean, eskerrik asko, Emilio.

 

arrow_back