Premio Nacional de Sociología y Ciencia Política 2003

Salustiano del Campojaunaren biografi aipamena
José Félix Tezanos Tortajadak egindakoa egindakoa

Salustiano del Campo

Salustiano del Campo La Línea de la Concepción herrian jaio zen Cádizen 1931n, eta Madrilen egin zuen bere ibilbide akademikoaren zati nagusia. Zuzenbidean lizentziatu zen 1954an, eta 1955ean Population Council Inc. taldearen beka lortu zuen. Hala, bere ikasketak areagotu ahal izan zituen Chicagoko Unibertsitatean. Bertan, 1957ra arte egon zen, eta Free Press saria lortu zuen unibertsitate horretako soziologia doktoratuko azterketa orokorrean eta espezializatuan. Espainiari itzuli zenean, 1959an, ezohiko saria irabazi zuen zientzia politikoen doktoratuan La familia española en transición tesiarekin; ondoren, 1960an Madrileko Zientzia Politikoen fakultateko soziologia katedraren arduradun izendatu zuten.

Ibilbide akademikoa 1962an egonkortu zitzaion Bartzelonako Unibertsitateko Politika, Ekonomia eta Merkataritza Zientzien fakultatean soziologiako katedraren oposizioa irabazi zuenean. Bartzelonako Unibertsitatean soziologia ikasketak finkatu eta garatu zitezen lan asko egin zuen. Hainbat dizipulu utzi zituen eta ekonomia ikasle askorengan eragin izugarria izan zuen, eurengan gizarte gaiekiko interesa eta ikuspuntu soziologikoa piztu baitzituen. 1967an oposizio bidez Madrileko Politika, Ekonomia eta Merkataritza Zientzien fakultatean soziologia katedra lortu zuen. Bertan, Zientzia Politiko eta Soziologia fakultatea sortzeko indar asko egin zuen. 1977 eta 1980 artean bertako dekano izan zen, eta 1971 eta 1999 bitarte gizarte egitura departamentuko zuzendari.

Bere irakasteko modua guztiz berria izan zen Espainiako unibertsitatetan garai hartan (60-70eko hamarkada) ohiko irakaskuntza zenarekin alderatuz gero. Onak ziren ikasleekin mintegiak antolatzen zituen, eta ikerketa enpirikoko hastapenak ematen zizkien, bereziki, inkesta teknikei dagokiena, eta gerora hain ezagunak egin zirenena. Arlo honetako egungo irakasle askok mintegi hauetan beren soziologiarako zaletasuna suspertu zuten eta lehen gonbidapenak jaso zituzten iruzkin bibliografikoak edo artikuluak argitaratzeko gizarte zientzietako aldizkaritan.

1979an Real Academia de Ciencias Morales y Políticas erakundean akademiko numerario izendatu zuten; gerora, 198an, bertako kide egin zen eta sarrera hitzaldian Espainiako familiaren bizi zikloa azaldu zuen. Akademian sartu zen hirugarren soziologia katedratikoa izan zen, Manuel Sales y Ferré eta Severino Aznarren ostean. 1984an erakunde honetako diruzain aukeratu zuten eta 1985ean idazkari (gaur egun ere hala da). Era berean, 1994an Espainiako Institutuko bigarren lehendakariorde izendatu zuten eta 1997an lehen presidenteorde.

Salustiano del Camporen ibilbide intelektual eta sozialean nabarmendu beharreko alderdi garrantzitsuenetako bat eduki sozial eta ekonomikoko hainbat argitalpenen sustatzaile eta zuzendari izan dela da. Ikerketa Politikoen Aldizkariko idazkari teknikoa 1957an, Ikerketa Politikoen Institutuko Ikerketa Soziologikoen Bildumako zuzendaria 1961ean. Ekonomia Politikako Aldizkariko, Gizarte Ikerketen Aldizkariko eta Soziologiako Nazioarteko Aldizkariko erredakzio kontseiluko kidea. Opinión Pública Espainiako aldizkariko zuzendaria, eta Soziologiako Urte-Aldizkariko sortzailea eta zuzendaria Bartzelonan. Lan honek gerora bere isla izan zuen El Europeo aldizkariko zuzendari moduan (1983-1984) eta Imagen Semanaleko presidente-editore moduan (1986-1988).

Bere ibilbide intelektualean gauzatutako ikerketa jarduera ere nabarmendu behar da, izan ere, Espainian iritzi publikoko azterlanak egiten hasi zen instituzioaren sustatzailea eta sortzailea izan zen: Instituto de Opinión Pública (IOP), gaur egungo CIS. Bertan, kontseilari delegatu izendatu zuten 1963an, eta zuzendari 1967tik 1971ra bitartean.

Bere lanaren barnean nabarmendu beharreko hirugarren alderdia soziologiaren eta gizarte zientzien arloan argitaratu dituen lanek osatzen dute. Horien artean, aipatu behar da UNESCOren Gizarte Zientzien Hiztegiaren zuzendaritza lanetan aritu zela. Bi liburukitan argitaratutako obra handi honek garrantzi handia izan du gaztelaniaz hitz egiten duten herrialde guztietako soziologia esparruetan. Horrez gain, 1985etik hainbat argitalpen izan dituen Soziologia Tratatua ere egin zuen (hau ere bi liburukitan argitaratua).

Horrez gain, Nazio Batuen Erakundean izan duen parte-hartzea aipatu behar da, bereziki biztanleria azterketekin zerikusia duten gaietan. 1960an, Asociate Social Affairs Officer kargua hartu zuen New Yorkeko Nazio Batuen Idazkaritzako Gizarte Gaietarako Bulegoan. 1969tik 1973ra, Espainiako ordezkaria izan zen Nazio Batuen Erakundeko Biztanleria Batzordean. 1974tik 1982ra, UNESCOrekiko Lankidetzarako Espainiako Batzorde Nazionaleko Batzorde Exekutiboko kide izan zen. 1976an, berriz ere Espainiako ordezkari hautatu zuten Nazio Batuen Erakundearen Biztanleria Batzordean, lau urterako.

Salustiano del Camporen ekoizpen zientifikoa oso zabala izan da. Berak idatzitako hogeita lau liburu argitaratu ditu, beste hamazazpi argitaratzaile edo egilekide gisa, eta ia berrehun monografia eta lan zientifiko. Bere lan nagusiak gaika banatutako bost multzo handitan bana daitezke. Lehenengoan familia azterlanak daude. 1960an argitaratutako bere doktore tesiarekin (La familia española en transición) eman zien hasiera horiei. Tesiaren ondoren, familiarekin zerikusia zuten beste hainbat lan argitaratu zituen: El desarrollo de la familia española en el siglo XX (Alianza Editorial, 1982); Análisis sociológico de la familia española (Ariel, 1985); La “nueva” familia española (Eudema, 1991); Familias: Sociología y Política (Unibertsitate Konplutentsea, 1995); etab. Bigarren multzoa osatzen duten gaiak biztanleria eta politika demografikoa. Bere liburu ezagunenetako asko gai horiei buruzkoak dira: Análisis de la población española (Ariel, 1972); La política demográfica de España (Edicusa, 1974); La explosión demográfica y la regulación de la natalidad (Síntesis, 1997); etab. Gizarte adierazleek osatzen dute bere lanetan aztertutako beste gai bat: Los indicadores sociales a debate (FOESSA, 1972). Laugarren multzoan gizarte aldaketak sartzen dira eta, bereziki azken etapan, gizarte joerak. Gai horiek lantzen ditu, hain zuzen ere La sociedad liburuan (1972). Liburu hori La España de los años 70 trilogiaren zati da, beste bi libururekin batera: La Sociedad de clases medias (Austral, 1989) eta Estudios sobre Tendencias sociales en España (1960-1990) (BBV Fundazioa, 1993). Bosgarren erreferentzia esparrua soziologiari buruzko bere lan akademikoek osatzen dute. Horien artean dago soziologia zientifiko modernoari buruzko bere lehen eskuliburua, lehen aldiz 1962an argitaratua. Bere lan berrienen artean, honakoak aipatu behar dira: Historia de la Sociología Española (Ariel, 2001), Perfil de la Sociología Española (Catarata-Unibertsitate Konplutentsea, 2001) eta La institucionalización de la Sociología (CIS, 2001). Azken horren jatorria idazleak berak lehenengo soziologia katedraren ehungarren urteurrena ospatzeko batzordean sustatutako ekimenetan aurki daiteke, izan ere, bera batzorde horretako presidente izan zen.

Horrenbeste eduki barne hartzen dituen ibilbidea abiapuntutzat hartuta, lasai esan dezakegu Salustiano del Campok leku berezia izan zuela Espainiako soziologiaren garapenerako eta instituzionalizaziorako funtsezkoa izan zen etapan. Hain zuzen ere, etapa hori ezinezkoa izango litzateke bere lan aitzindaria, ikerketa lana eta zuzendutako doktorego tesi guztiak (62) gauzatu izan ez balitu; ezta gaur egun diziplina horretako hainbat arlotan lan egiten duten soziologo asko animatu eta orientatu izan ez balitu ere.

Alderdi gizatiarrari eta profesionalari dagokionez, Salustiano del Camporekin lan egin dugun guztiok bere estimulua eta inolako interesik gabeko laguntza, helburu garbikoa, jaso ahal izan dugu, Espainiako Unibertsitateak askotan eskaini ez diguna. Orientazio eta ibilbide ezberdineko pertsonak bateratu ditu zuzendu dituen unibertsitate sailetan eta abiatu dituen lan soziologikoetan. Frankismoaren azken gaian jarrera integratzaile ederra erakutsi zuen, eta bokazio unibertsitario eta unibertsalistaren eredu bihurtu zen. Urte horietan, ideologia ezberdinetako hainbat pertsonak lan egin zuten berarekin. Horrek argi uzten zuen, akademiaz gaindiko beste edozein iritzi alde batera utzita, zeregin akademiko edo ikertzaileren bati ekiterakoan, lanerako gaitasuna, ikerketarako grina eta seriotasuna, zorroztasuna eta erantzukizuna baloratzen zituela.

Arrazoi horiek direla medio, Salustiano del Camporen erretiroa aitzakiatzat hartuta, lagun, kide eta ikasle talde batek merezi duen moduko aintzatespena egin nahi izan genion, liburu-omenaldi batekin. Liburua hainbat unibertsitateko zortzi soziologia katedradunek osatutako batzorde batek sustatu zuen: CSICeko ikertzaile eta, une hartan, FESeko (Espainiako Soziologia Federazioa) presidente María Ángeles Durán; Oviedoko Unibertsitateko katedradun Rodolfo Gutiérrez; Granadako Unibertsitateko katedradun Julio Iglesias de Ussel; Coruñako Unibertsitateko katedradun Antonio Izquierdo; Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko katedradun Carlota Solé; Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko katedradun Carmelo Lisón Tolosana eta Manuel Navarro; eta UNEDeko katedradun José Félix Tezanos.

Salustiano del Campok gizarte egiturari eta dinamikari eskainitako arreta berezia kontuan hartuta, gai hori hautatu genuen liburu-omenaldiaren gai nagusi gisa. Liburuan parte hartzeko gonbita egin genien Espainiako Unibertsitateko soziologia katedradun guztiei, Zientzia Moral eta Politikoen Errege Akademiako hainbat kideri eta Salustiano del Camporekin harreman intelektual berezia izan zuten atzerriko unibertsitateetako hainbat irakasle entzutetsuri. Batzordekideek taldean barne hartu zituzten landutako gaien tratamendu berezia egin duten beste hainbat irakasle titular ere. Ezin izan zuten nahi zuten guztiek lankidetza talde honetan parte hartu, eta parte hartu nahi zutela adierazi zuten askok berehala ulertu zuten honelako liburu batek dituen muga logikoek kolaborazioen hautaketa egitera behartu gintuztela.

Ekimen honen emaitza 1.248 orrialdeko liburu bat izan da, CISen laguntza desinteresatuari esker argitaratu ahal izan dena. Bereziki aipatu behar da CISeko presidente Ricardo Montoso irakaslearen laguntza, eta baita argitalpenari horrenbesteko ahalegina eta arreta eskaini zioten argitalpen arduradun Jaime Peón eta Mercedes Contrerasena ere. Liburuak sei zati ditu, baita hitzaurre biografiko bat eta amaierako elkarrizketa bat ere. Guztira, hirurogeita hamar kolaborazio barne hartzen ditu. Lehenengo zatiak aldaketari eta sarrera ikuspegiei buruzko hainbat teoriari buruzko testuak barne hartzen ditu. Bigarren zatiak aldaketa handiak eta gizarte prozesuak aztertzen ditu. Hirugarrenean, aldaketa politikoak aztertzen dira; laugarrenean, aldaketa eta prozesu ekonomikoak; bosgarrenean, aldaketa kulturalak eta ikuspegi antropologikoak; eta seigarrenean, beste aldaketa prozesu batzuk, bereziki, berrikuntza teknologikoak.

Salustiano del Camporen omenez argitaratutako liburu hau nahitaezko kontsulta liburutzat har daiteke gure garaiko gizarte konplexuen testuinguruan kokatutako gizarte egituraren eta aldaketaren arloa aztertu nahi dutenentzat. Horrez gain, liburua Espainiako soziologiak eskuratu duen heldutasun mailaren eta omendutako pertsonak horrenbeste landu zuen instituzionalizazio prozesu finkatuaren eredu ezin hobea da. Hori dela eta, obra hau omenduak gauzatutako lan goraipagarriaren balioaren eta emaitzen eredu adierazgarria dela esan dezakegu.

arrow_back