2014ko Soziologiako Sari Nazionala Víctor Pérez Díaz jaunak jaso du

Víctor Pérez-Díazek jaso du aurtengo Soziologia eta Politika Zientziako Sari Nazionala. Sari honen bitartez Soziologia eta Politika Zientzian egindako ekarpenak eta zientzia-lana aintzatesten dira, eta jarduera profesionalagatik nahiz ekintza berezia egiteagatik ematen da.

Víctor Pérez Díaz (Madril, 1938) Soziologiako Doktorea da Harvard-eko Unibertsitatean, eta Zuzenbideko eta Politika Zientzietako Doktorea ere bai Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Ameriketako eta atzerriko kideek osatzen duten eta 170 Nobel sari jaso dituen American Academy of Arts and Sciences (Cambridge, Massachusetts) elkarteko kidea da; eta Academia Europaea (Londres) erakundeko kidea ere bai. Soziologiako Katedraduna izan da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean (1979/2009), eta Irakasle Bisitaria Harvard-eko Unibertsitatean, MIT-en (Massachusetts Institute of Technology), Kaliforniako Unibertsitatean (San Diego), New Yorkeko Unibertsitatean eta New Yorkeko New School for Social Research eskolan. Princeton-go Institute for Advanced Study institutuko kidea ere izan da, Irakaslea Berlingo Gizarte Ikasketen Zentroan (Wissenschaftzentrum Berlin für Sozialforschung) eta Parisko Politika Zientzien Institutuan, eta Zuzendari Elkartua Parisko Gizarte Zientzietako École des Hautes Études eskolan. New Yorkeko Social Science Research Council-eko Mendebaldeko Europari buruzko Batzordeko kidea izan da, eta gizarte-politika eta teknologiaren alorren inguruko Europako Batzordeko hainbat Aditu Taldetako kidea ere bai. Presidentea da "Analistas Socio-Políticos, Gabinete de Estudios" taldean. 1993an sortu zen gizarte-zientzietako ikerketa-zentro hori, Espainiako eta beste herrialdeetako (Europa bereziki) soziologia ekonomikoa, politikoa eta kulturala aztertzeko.

Berrogeita hamar liburu baino gehiago idatzi ditu, eta horietako batzuk Harvard University Press-ek argitaratu ditu, eta MacMillan, Garland Publishers eta Berghahn Publishers argitaletxeek ere bai; Markets and Civil Society izan da bere azken liburua, Berghahn-ek argitaratutakoa 2009an.

Aparteko ibilbide zientifikoagatik jaso du saria, soziologia enpirikoan egindako ikerketa zehatzengatik, bere esku-hartze publikoagatik eta Administrazio Publikoetan egindako azterketarengatik, eta baita goi-mailako soziologoen talde sortuberri bat sustatzeagatik ere hainbat instituzioetan.

Hurrengo hauek izan dira epaimahaiko kideak: CISeko presidente Félix Requena, CISeko presidente ohi Pilar del Castillo europarlamentaria, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaleko soziologiako katedradun Luis J. Garrido Medina, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionaleko politika-zientziako katedradun Carmen González Enríquez, Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitateko politika-zientziako katedradun Francisco J. Llera Ramo, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko soziologiako katedradun José Juan Toharia Cortés eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoko soziologiako katedradun Cristóbal Torres Albero.