METODOLOGIA
2019ko urtekariak barne du urte horretako CIS barometroen daturik garrantzitsuenen hautaketa bat. “Egoera ekonomiko eta politikoaren inguruko pertzepzioen” atalean gai horri buruzko barometro guztien galdera komunak biltzen dira, bai atzera begira egindakoak zein aurrera begira egindakoak ere. “Gobernuaren eta oposizioaren balorazioa” izeneko atalean aurki daitezke inkestari erantzun dioten pertsonek egindako gobernuari eta oposizioari buruzko ebaluazioak, balorazio horiek barne izan dituzten urtarrileko, otsaileko, uztaileko eta iraileko barometroetan. Horrez gain, kapitulu horretan aurki daiteke hainbat barometrotako lider politiko nazionalen balorazio eskaletan lortutako puntuazioen alderaketa. Gainerako atalek hileroko monografiko bakoitzaren galdera hautaketa bat ageri dute. Horretarako, oreka bat bilatu da adierazle bakoitzaren garrantziaren eta hilabete horretako hautatutako galderen kopuruaren artean. Hala ere, zenbait kasutan, multzokatutako hainbat galdera hautatu dira eta horrek espazio gehiago behar izan du.
Galdera bakoitzari dagozkion datuen aurkezpenak antzeko egitura du kapitulu guztietan. Honela, “Egoera ekonomiko eta politikoaren inguruko pertzepzioen” eta “Gobernuaren eta oposizioaren balorazioaren” blokeek iritzi horien urteko luzerako bilakaera barne dute, hilean behingo edo hiruhilekoan behingo erantzunen grafiko adierazgarri baten bitartez.
Bestalde, hileko bloke tematikoek maiztasun marjinalak ageri dituzte (edo batez bestekoak, kasuaren arabera) hautatutako galdera bakoitzarentzat, horiek ere grafiko espezifiko batekin lagunduta. Grafiko hauek, kasu gehienetan, erantzun aukera bakoitzaren portzentajea adierazten dute %0tik %100era arteko ardatz baten gainean. Hala ere, zenbait galdera jakinetan, hala nola lider politikoen batez besteko balorazioan, adierazpen hori datuen hurbileko goiko eta azpiko mugak dituen eskala batera egokitu da, ikusgarritasuna bermatze aldera (0tik 5era arte), balioen hurbiltasuna dela eta.
Barne hartutako taulen edukiaren izendapen adierazgarria hautatu da, taularen hilabetea edo bloke tematikoa barne hartuta, identifikazioa errazte aldera. Honela, adibide moduan, “Egoera ekonomiko eta politikoaren inguruko pertzepzioen” (“Percepciones sobre la situación económica y política” gaztelaniaz) blokeko lehen taulak “SIT1 taula” izena du eta “Gobernuaren eta oposizioaren balorazioaren” blokeko lehen taula, aldiz, “POL1 taula” izenarekin identifikatzen da. Era berean, otsaileko (febrero) barometroaren lehen taulak “F1 taula” izena jaso du eta gauza bera egin da gainerako hilabeteekin. Taula hauek hitzez hitz transkribatzen dituzte jatorrizko galdetegiaren galdera eta erantzun kategoriak.
Jarraian, aldagaien gurutzaketak ageri dituzten taulak aurki daitezke, CISek bere erabiltzaileei eskaintzen dizkien adierazle soziodemografiko eta politiko ohikoenekin: sexua, adina, egoera zibila, hezkuntza, lan egoera, klase soziala, ideologia, boto oroitzapena, erlijioa eta habitata. Barne hartutako aldagaietako zenbait birkodetu edo eraldatu egin dira, aipatutako adierazle kategoria bakoitzarentzat oro har kalkulatzen diren datuen irakurketa eta interpretazioa errazte aldera. Taula batzuentan, alderaketa errazteko helburuarekin, galdera aukera jakinetan, portzentajearen ondoan, erantzun duten pertsonen kopurua adierazi da (n).
Adinaren aldagaiek, egoera zibilak eta klase sozialaren aldagaiek CISak, bere webgunearen bitartez, hainbat azterlanetarako eskaintzen dituen kategoria berak mantentzen dituzte. Aldiz, hezkuntza, lan egoera, ideologia, boto oroitzapena, erlijioa eta habitata beste era batera birkodetu dira, emaitzen taula sintetikoago bat osatzeko.
Adinak, tarte hauek ditu barne: “24 urtera arte”, “25etik 34ra”, “35etik 44ra”, “45etik 54ra”, “55etik 64ra” eta “65 urte edo gehiago”. Ideologiaren aldagaian “5” eta “6” bitarteko balioak multzokatu gabe mantendu dira eta gainerako balioak multzokatu egin dira: ezkerraldean, “1-2” eta “3-4” balioak eta, eskuinaldean, “7-8” eta 9-10” balioak.
“Iritzi publikoa eta zerga politika” kapituluko taulek, gainera, “Bat ere ez” erantzun aukera barne dute, 2018ko barometroan ageri zena. Habitataren tamainari buruzko kategoriak honela identifikatu dira: 10.000 biztanletik beherako udalerriak “Herri edo hiri txikia” dira, 10.001 eta 100.000 biztanle artekoak “Hiri ertaina” dira, 100.001 eta 1.000.000 biztanle artekoak “Hiri handia” dira eta 1.000.000 biztanletik gorakoak “Hirigune oso handia” dira.
Hezkuntza, erlijio, boto oroitzapen eta klase sozial aldagaiak sortzeko, galdera konbinazio bat erabili da. Hezkuntzaren kasuan, inkestatua eskolara joan den ala ez aztertzen duen galdera eta burututako maila goreneko ikasketen maila neurtzen duen galdera konbinatu dira, kategoria hauek sortzeko: “Lehen hezkuntza edo gutxiago”, “Hasierako LH eta bigarren hezkuntza”, “Erdi mailako LH”, “Batxilergoa”, “Goi mailako LH” eta “Unibertsitatea”.
Erlijioaren aldagaiak barne ditu erlijioaren gaiaren definizioa eta praktika erlijiosoaren maiztasuna, hartara hiru kategoria sortuta: “Fededun praktikatzailea” (barne ditu katolikoak eta beste erlijio batzuetako fededunak, mezara eta bestelako elizkizunetara ia igandero eta jaiegunetan eta astean hainbat alditan joaten direnak), “Fededun ez praktikatzailea” (barne ditu katolikoak eta beste erlijio batzuetako fededunak, mezara eta bestelako elizkizunetara hilean egunen batean, urtean hainbat alditan edo ia inoiz joaten direnak edo inoiz joaten ez direnak) eta «Agnostikoa, ateoa edo ez fededuna».
Boto oroitzapenari dagokionez, bi galdera uztartzen dira: azkeneko hauteskundeetan botoa eman zen ala ez, alde batetik, eta zein alderdiri botoa eman zion, bestetik. Hilabete bakoitzerako aurreko hauteskunde deialdira aurkeztu ziren alderdi eta talde politikoak hartzen dira kontuan. Zentzu horretan, erreferentzia dira 2016ko ekaineko hauteskunde orokorretara aurkeztu ziren alderdiak. (urtarrileko eta otsaileko barometroetarako) eta 2019ko apirileko hauteskundeetan parte hartu zutenak (maiatzeko eta ondorengo barometroetarako). Sortutako aldagaiak boto gehien jaso zituzten alderdiak identifikatzen ditu, gainerakoak “Beste alderdi batzuk” kategorian sartzen dira. Alderdiekin batera “Ez zuen botoa emateko adina”, “Boto zuria”, “Ez zuen botoa eman” (eratzun hauek barne dituena: botoa ematera joan zen baina ezin izan zuen, ez zen botoa ematera joan ezin izan zuelako, nahiago izan zuen botoa ez ematea, eta boto nulua), “Ez zuen botoa emateko eskubiderik”, “Ez da gogoratzen” eta “EDE” (ez du erantzun) kategoriak ageri dira.
Bestalde, klase sozialaren aldagaia inkestatuek hainbat galderei emandako erantzunak hartuta osatzen da: familiaburua edo sostengatzaile nagusia, lan egoera, okupazioa, egoera profesionala eta jarduera arloa, CNO 2011 eta CNAE 2009 sailkapenen arabera okupazioaren eta jardueraren kasuan, hurrenez hurren. Hauek dira aldagai honen bost kategoriak: “Goi/goi-erdi mailako klasea” (profesional eta teknikariak, zuzendariak eta erdi mailako kargudunak barne dituena), “Erdi mailako klase berriak” (eskuzkoak ez diren lanbideetako soldatakoak), “Erdi mailako klase zaharrak” (enpresaburuak, autonomoak eta nekazariak), “Langile kualifikatuak” (eskulangile kualifikatuak, langileburuak eta artisauak), “Langile ez kualifikatuak” (industria eta zerbitzuetako langileak eta nekazaritzako jornalariak).
Aldagai argitzaileetako (gurutzaketa aldagaiak) “Ez daki (ED)” eta “Ez du erantzun (EDE)” kategoriak tauletan ageri dira bakarrik zifra horrek berezko zentzua duen kasuetan. Beraz, “ED” eta “EDE” mantendu egin dira ideologia politikoari dagokionez; “Ez da oroitzen” eta “EDE”, boto oroitzapenari dagokionez; eta “EDE” erlijioari dagokionez. Aldiz, gainerako kasuetan (sexua, adina, egoera zibila, hezkuntza, lan egoera eta gizarte klasea) ez dira barne hartu, hondar izaera baitute.
Halaber, adierazi egin da, galdetegiaren diseinuan hala jaso bada, elkarrizketatuak egindako galderari emandako “Erantzun espontaneoa” izan direnak. Bestetan, elkarrizketatzaileak lehenetsitako erantzun aukera gisa ez eskaintzeko agindua zuen kategorien kasuan, kategoriaren ondoan “EZ IRAKURRI” adierazi da. Hori adierazten da ere “Ez da egokia” kategoriarekin, izan ere, ez dator bat inolako erantzunekin, baina elkarrizketatuak sailkatzen ditu elkarrizketatuaren egoera pertsonala dela eta galdera aplikagarria ez denean.
Adierazleen kategoria batzuk elkarrizketatuen erantzunen artean maiz agertzen ez direnean eta guztizko lagina gurutzaketa aldagaien estratifikazioaren arabera sortutako taldeen artean banatzen dela kontuan hartuta, ohartarazpena burutu behar da
portzentajeen interpretazioak dakartzan mugen inguruan. Horregatik adierazten da, parentesi artean, galdera horri erantzun dioten pertsonen kopurua (n), kategoriaren arabera edo oro har.
Hautatutako galderei buruz eskaintzen den informazioa, zenbaitetan, partziala izaten da, irakurketa errazteko helburuarekin. Honela, adibidez, multzokatutako hainbat galderatan erabiltzen diren “Asko” eta “Nahikoa” erantzun aukerak, maiztasuna zein adostasun maila islatzeko erabiltzen direnak, “Asko + Nahikoa” aukeran multzokatu dira, gainerako erantzun aukerak
(“Gutxi” eta “Batere ez”) alde batera utzita. Beste kasu batzuetan, erantzun kategoriak multzokatu dira emaitza esanguratsutzat jo denean, edo alderaketa laburbildu eta errazteko helburuarekin, esaterako, “Alokairua sustatzeko neurrien sostengu maila” galderak bi erantzun aukera multzokatu ditu («Oso alde + Alde»).
Oro har, lortu nahi dena da honelako galderetan erantzunik esanguratsuena aurkeztea, beraz, zenbait kasutan, datu bakar bat ematen da. “Iritzi publikoa eta zerga politika” izeneko kapituluaren kasuan, “Oso gutxi” kategoria ageri da bakarrik “Zerbitzu publikoetara bideratutako baliabideen” inguruko galderan. Bestalde, 0tik 10era bitarteko eskalen kasuan, multzokatutako galderak ez direnean, kategoriak elkartu egin dira irakurketa errazteko: “0-2”, “3-4”, “5”. “6-7” eta “8-10”. Horrez gain, taula batzuek eduki osagarria edo antzekoa duten galdetegi bereko bi edo hiru galderen emaitzak ageri dituzte, taula bakar batean multzokatuta.
Dokumentuan zehar, erantzun anitzeko gisa identifikatutako galderak aurki daitezke eta, kasu horietan, elkarrizketatu bakoitzak aukera zerrenda bati emandako erantzunak modu agregatuan aurkezten dira. Galdera hauetan, (n) balioak, gainerako galderetan ez bezala, emandako erantzun guztiak adierazten ditu, eta ez erantzun duten pertsonen guztizko kopurua. Elkarrizketatzaileak elkarrizketatuak aipatutako erantzun guztiak markatzen ditu, beraz, zutabe portzentajeen batura 100 baino handiagoa da.
Urtekari honen eranskinean aurki daitezke urtekaria osatzen duten barometro bakoitzari dagozkion fitxa teknikoak, barometro bakoitzerako hautatutako galderak eta azalpen helburuetarako aldagaien maiztasunen banaketa eta kasuen kopurua.