AURKEZPENA

AURKEZPENA

      Ikerketa Soziologikoetako Zentroaren (CIS) eginkizun nagusia da Espainiako gizartearen jarrera eta jokabideak aztertzea, eta baita haren egonkortasuna eta aldaketa denboran zehar neurtzea ere. Urtekari hau 2012. urtean hasitako seriearen barne dago eta modu sintetikoan jasotzen ditu 2019an burututako hileroko barometroen emaitzak, inkesta pertsonalak baliatuta garatu zirenak. Bertan aurki daitezke bereziki garrantzitsuak diren galderak, horietako zenbait hilero errepikatzen direlarik. Beste galdera batzuk, berriz, inkesta bakoitzaren izaera monografikoaren adierazleak dira. Horrekin lortu nahi dena da publikoari helaraztea, modu grafiko eta hurbil batean, urtero erakunde honek sortzen dituen datuen hautaketa bat.

      Bolumen honek barne ditu: dokumentu honetan zehar erabilitako metodologia modu xehatuan azaltzen duen lehenengo atala, hamar kapitulu tematiko eta hiru eranskin urtekari honetarako erabili diren barometroen fitxa teknikoekin, tauletarako hautatutako galderekin eta azalpen helburuetarako aldagaien maiztasunen banaketarekin. Lehen bi kapituluek luzerako izaera dute eta bertan jasotzen dira egoera ekonomiko eta politikoaren inguruko pertzepzioak eta gobernuaren eta oposizioaren balorazioa. Jarraian kapitulu monografikoak ageri dira, askotariko gaiak jorratzen dituztenak, besteak beste: politikaren arloko berriak (aurrekontu orokorrak, genero berdintasuna, despopulazioa), Espainiako parlamentua osatzeko apirilaren 28ko hauteskundeak, etxebizitza izateko eskubidea, justizia administrazioa, inbestidura eztabaida, botoa erabakitzea eta hauteskunde ondorengo barometroa (2019ko azaroko hauteskundeei dagokienez), eta zerga politikari buruzko iritzia.

      Aurkeztutako tauletan ikus daiteke elkarrizketatutako pertsona moten artean zeintzuk diren inkestetan kontuan hartutako iritzi bakoitza gehien defendatzen dutenak, hautatutako hainbat ezaugarriren arabera. Ezaugarri horien artean daude alderdi soziodemografiko batzuk, hala nola sexua, adina, burututako ikasketak, lan egoera, egoera zibila edo egoera sozioekonomikoa, baina baita bestelako datuak ere, esaterako, bizi diren udalerriaren tamaina, boto oroitzapena eta praktika erlijiosoa. Honela, elkarrizketatuen iritzia edo, kasuaren arabera, jokabidea agertzeaz gain, urtekari honek talde zehatzen iritziak eta jokabideak modu xehatuan aztertzeko aukera ematen du.

      Urtekari hau sortzeko erabilitako datu baseak, eta baita CISek 1999. urteaz geroztik burututako inkesta, serie eta galdera guztiak ere, CISen webgunean eskuragarri daude (www.cis.es), doako kontsulta edo deskargarako.

 

Madril, 2021eko apirilak 30.

 

arrow_back